
2008-03-06 | 18:38:23
Euskara
Urretxindorra ikasleen gurasoak guraso erdaldunei euskarazko klaseak ematen ari dira
Urretxindorra eskolakoikasleen gurasoak ekimen berezi bat aurrera eramaten ari dira. Guraso batzuek euskaraz ez dakien guraso talde bati euskarazko klaseak ematen hasi dira.
Zazpi ikasleko taldea astelehen eta eguaztenetan batzen da 16:00etatik 17:30ak arte euskarazko klaseak emateko Urretxindorran. «Egun horietan seme-alabek kanpo ekintzak dituzte, eta tarte hori aprobetxatzen dugu klaseak emateko» adierazi du Arkaitz Zarragak, euskara irakasle bezala aritzen den gurasoetako batek. Seme-alabekiko harremana euskaraz lantzea da antolatzaileen eta ikasleen helburua. «Guretzat funtsezkoa da gurasoak umeek ekarriko dituzten etxeko lanekin moldatu ahal izatea eta jarraipena egitea» adierazi du Zarragak. Gurasoek Udalak ez duela euskarazko klaseak diruz laguntzeko borondaterik agertu adierazi dute. EAJ-k Udaleko kultura batzordean gurasoen euskara klaseei diru laguntzarik ez ematea erabaki zuen. Ondoren, klaseen %50a ordainduko zutela adierazi zieten Udal ordezkariek gurasoei. «Aurrekontu merkeena eta aukera gehien zituena aurkeztu genuen, bi mila euro ingurukoa. Udalekoei dohainik izan beharko lukeen zerbitzua astean hiru ordu emateagatik gure ikasleek mila eta piku euro ordaintzea ezinezkoa zela esan genien. Oso larria da euskararen aldeko mila eurogaz tratua egitea. Udalak umezurtz utzi gaitu».
muxikarra | 2008-03-19
Zorixonak danori, batez b musutruk lanean dabilen euskarazko maisuari. Lotsagarria udalaren postura.
Ani | 2008-03-14
Bai, hori da nire ustez, Urretxindorra eskolako gurasook egiten dozuena. Barri pozgarri hau ekarri euskun Danelek Hitzara martxoaren 7an: Euskara bultzatzeko irakasle eta ikasle bilakatu dira gurasoak. Behar bada euskerazko klaseak emoteko ez dira izango egokienak irakasle inprobisatuak, nahiz-eta agian izango diren gurasoen artean horretarako prestatuak ere. Baina euren seme-alabei laguntzeko gogoz, euskeraz daketenek eta ez dakitenek alkarri herriko hizkuntza ikasten eta hobetzen laguntzea benetan be eredugarri da. Gainera batzarretan be euskeraz egiten ei dabe, hori bai, ez dakitenentzat itzulpenak eginez; horrelakoetan normalean erderaz egiten da, holan guztiek ulertzen dabela esanez, nahiz-eta euskaldun sentiberak sumindu eta euskera kaltetu. Bestalde Udalak behar besteko laguntzarik ez deutselako emoten kexa dira, eta kexa hori Euskal Herriko edozein lekutan zilegi eta bidezko bada ere, oraindik gehiago Muxika bezelako herri euskaldun baten. Dudarik barik euskerazko klaseak emoteko irakasle egokiak udalak edo erakunde publikoek ipini edo ordaindu beharko leukiez. Baina barriro dinot, eskola horretako gurasoen alkar lana txalogarria eta beste leku batzuetarako be eredugarria da. Berbalagun taldeak azken baten horixe dira, giro lasaian euskeraz hitz egiteko eta trebatzeko lagun taldeak; eta horretarako ze talde egokiagorik, umeak direla-ta, alkartuta sentitzen diren gurasoena baino. Zorionak eta aurrera!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Muxikako eskolako ikasleen gurasoak euskarazko klaseak ematen Urretxindorran.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.