Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Muxika
2008ko irailak 7, Domeka

;2008-07-08;Beste urtebetez ere 'Euskera Jaia' arrakastatsua Gorozikan. Muxika Eguraldia lagun izan zuten eta jendeak ondo erantzun zion Itxupi Euskara Taldeak egindako deialdiari.

Beste urtebetez ere 'Euskera Jaia' arrakastatsua Gorozikan

Muxika Eguraldia lagun izan zuten eta jendeak ondo erantzun zion Itxupi Euskara Taldeak egindako deialdiari.

Egoitz atxikallende

Domekan ospatu zuten Gorozikan Ariatzako Itxupi Euskara Taldeak hamazortzigarrenez antolatu duen `Euskera Jaia´.

Hor Konpon elkarteko kideek bakailao errea prestatu zuten hamaiketakoa egiteko. Ondoren, 12:00etan, Gernika-Lumoko Arkupe taldeak antolatutako `IV. Tasio Memoriala´ eskupilota txapelketa hasi zuten. Bi izan ziren, hain zuzen, `Euskera Jaian´ jokatu zituzten partidak.

Bazkal aurretik kantu poteoa

Iragarrita zegoen triki poteoa egin beharrean Atxelipe zortzikoteak kantu poteoa egin zuen Gorozikako bi tabernetan zehar. Haibat jende bildu zen, eta giro ezin hobea sortu zela aipatu dute antolatzaileek.

Bazkalordua 15:00etarako zuten jarrita. Muxikako sei elkarte gastronomikoek prestatutako bazkarian 120 lagun batu ziren. Itxupi Euskara Elkarteko kideek aipatu dutenez, «auzo guztietako txokoen laguntza izaten dugu bazkaria prestatzeko».

Ariatzako Atxelipe Elkarteak, Gorozikako Hor Konpon Elkarteak, Ajuriako Kili-Kolo Elkarteak eta Ibarruriko Saltsamendi Kultur Elkarteak bazkarirako sukalkia prestatu zuten. Kurtzeroko Danok Alai Elkarteak entsalada eta kafea prestatu zituen. Postrea, berriz, Elizaldeko Kolakaine Kultur Elkarteak prestatu zuen.

Bazkalostean, 18:30ak aldera, Ibarruriko Baso Txoritxu Dantza Taldeak bere saioa egin zuen. Helduen taldeak eta txikien taldeak egin zuten dantza eta ia ordubeteko ikuskizuna eskaini zuten.

Dantzak bukatu eta berehala, bertso saioa izan zen Unai Iturriagaren, Amets Arzalluzen, Igor Elortzaren eta Sustrai Kolinaren eskutik. Josu Goikoetxea aritu zen gai jartzaile lanetan.

'Zestokadea'-ren zozketa

Egunean zehar produktuz betetako `zestokadea´ zozkatzeko txartelak saldu zituzten antolatzaileek. Iluntzean egindako zozketan 1.088 zenbakia izan zen saritua. Astebeteko epean irabazleak saria hartuko ez balu, ordezko zenbakia ere atera zuten. 209 zenbakia izan zen ordezkoa.

Txokolate gozoa

Jaiari behar bezalako bukaera emateko, hamazazpi litro txokolate prestatu zituzten antolatzaileek. Jende asko bildu zen Gorozikan, eta prestatuko txokolate guztia bukatu egin zela zehaztu dute.Txokolatea ogiarekin eta gailetekin lagundu zuten.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.